 |
|
|
Kaixo irrati lagun,
2009-2010 denboraldiari hasiera eman diogu Molotoff Irratian
(91.8fm). Udarako atsedenaldia amaituta, indar berriturik
bueltatu gara programazio aberatsa eskaintzeko asmoarekin.
Ohi dugunez,
egun osoko emisioa izango da; musika programatuarekin,
Arrosa sarea osatzen dugun irrati desberdinetako
saioekin eta gurean ekoizten diren saio propioekin
osatuta. Guztira, zuzeneko hogei saio izango ditugu
eta horiekin batera, Arrosa saretik jasotako zazpi
saio gonbidatu izango ditugu.
Erronkak
Irratiaren edukiak hobetzea
eta kalitatezko saioak eskaintzea etengabeko erronka
da guretzat. Horretaz gain, irratiko
ekipoa berritu behar dugu eta horrek esfortzu ekonomiko
handia eskatuko digu. Erronka
berri hauei, eta bidean azalduko direnei aurre egiteko,
orain arte bezala, guztion laguntza edukitzea espero
dugu. Era berean, udalarekin harremanetan gaude eta
azken urteotan galdutako komunikazioa berreskuratu
dugu.
Zuekin harreman zuzenagoa izan nahiko genuke.
Asteazkenero, arratsaldeko 19:00etan irratiko (Sagastialde
16, behea) egoitzan biltzen gara eta irratiko ateak zabalik
dituzuela badakizue. Era berean, zuen posta elektronikoaren
helbidea helaraziko bazenigute (egin ez duzuenok behintzat)
maizago jarriko ginateke zuekin harremanetan. Gure helbidea:
molotoff@euskalnet.net edo ixa74@hotmail.com
MILA ESKER ETA ONDO IZAN
Molotoff Irratiko
lagunak
|
| |
|
|
 |
|
2009-06-11
Konturatzerako, 2008-2009 denboraldiari agur esateko unea iritsi da. Urrian eman genion hasiera programazio berriari eta hilabete hauetan lagun berriak gerturatu zaizkigu irratira. Saio berriak gehitu dira programaziora eta ohiko arazo teknikoak gaindituta J, hogeitalau orduko emisioa izan dugu entzun gai.
Txosna
Herriko jaiak gainean ditugu dagoeneko eta, beti bezala, Molotoff Irratiak txosna jarriko du. Urteak dira irratiko txosna gune garrantzitsua dela herriko jaietan (beste herrietako txosna askorentzat ere erreferente bilakatu da) eta, aurten ere, horrela izan dadin lanean ari gara aspaldi. Ahalik eta zerbitzu txukunena eskaintzeaz gain, musika egitarau aberatsa eta dantzagarria osatzen saiatu gara, soinu aniztasunari eta kalitateari arreta berezia eskainiaz. Eskutitzarekin batera, egitarauaren aurrerapena jasoko duzu, ekainaren 23tik 27ra irratiko txosnan ikusi eta entzuteko aukera izango denaren berri izan dezazun. Era berean, gutxienez pote bat hartzera gonbidatu nahi zaitugu (gainontzekoak zuen kontura J). Eskutitzarekin batera doan txartela txosnan aurkeztea besterik ez duzu. Zure posta elektronikoa oraindik ez badugu, txartelean zure datuekin batera jartzea eskertuko genizuke, era honetan, irratiko informazioa emailez jaso dezazun (paperean baino maiztasun handiagorekin). Zure posta elektroniko helbidea gurera ere bidali dezakezu.
Udara
Ohi dugunez, udan geldiunea egingo dugu programazioan. Tarteka egiten ditugun saio bereziak kenduta ez da ohiko programaziorik egongo eta emisioa musikarekin osatuko dugu. Irailean berriro elkartzen hasiko gara 2009-2010 denboraldiko programazio berria prestatzeko asmoz.
Hauxe guztia oraingoz, jai ederrak igaro itzazue eta nahi duzuenerako badakizue non gauden.
08-11-05
Aurkezpen ekitaldia eta mariskada
Programazio berriaren aurkezpen ekitalditxoa igandean,
azaroaren 09an, Tilosetan egingo dugu. Ekitaldia arratsaldeko 17:00etan
hasiko dugu eta bertan irratiko hainbat saiok zuzeneko aurkezpena
egingo dute eta ondoren musikarekin lagunduta merendola egingo dugu.
Gonbidatuta zaudete.
Era berean, gogoratu abenduaren 31ean, Mariskada zozketa
egingo dugula Gudarien enparantzan. Egun osoan zehar egongo gara txartelak
saltzen eta iluntzeko zortziak aldera egingo dugu zozketa.
08-07-01
Udara iritsi da eta urtero bezala, atseden hartzearekin batera, amaitu berri den denboraldiko balorazioa egiteko eta irratiaren alde lan egin duten lagunei eskerrak emateko unea iritsi da.
MOLOTOFF IRRATIKO PRENTSA
OHARRA Ekainaren 16ean (San Joan jaiak aurreko astean ohi dugunez) amaiera eman genion 2007-2008 denboraldiko programazioari. Azken urteetako joerari jarraiki hogei bat saioz osatutako zueneko programazioa eduki dugu gai desberdinak jorratu dituztenak (musikari buruzkoak nagusi izan dira baina herriko aktualitatea, umorea, gai sozialak, mendia eta bestelako gaiak landu dituzten saioak ere izan ditugu). Hauetaz gain, saio bereziekin batera, Arrosa sarea osatzen dugun irrati desberdinetako saioak ere entzuteko aukera izan dugu denboraldian zehar (Gasteizko Hala Bedi, Iruņeako Eguzki edo Oiartzungo irratietako saioak, besteak beste). Azkenik, egun osoko programazioa osatzeko estilo anitzeko musika izan dugu entzungai etengabe.
SAN JOAN JAIAK Ohi dugunez, herriko jaietan irratiak txosna jartzen du eta aurten ere, San Joan jaiak iraun duten egunetan irratiko txosna bertan izan da musika eskaintza bereziarekin. Hogeitik gora musika zaletuk arduratu dira musika eskaintzaz eta guztion artean musika egitarau aberatsa eta dantzagarria eskaini digute. Urtero bezala jende askok bisitatu gaitu eta giro ederra sortu da txosna gunean.
Molotoff Irratiko lagunok eskerrak eman nahi dizkiegu San Joan jaietan txosnara gerturatu diren guztioi eta bereziki, txosna ahalik eta txukunena izan zedin, musu truk lanean aritu diren lagun guztiei. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiegu denboraldian zehar irratira gerturatu eta irratiaren alde lan egin duten guztioi. Mila esker.
PROGRAMAZIO BERRIA Abuztuan ez dugu zuzeneko saiorik izango. Irratian konponketa batzuk egin nahi ditugu eta irratiko programazioa musikarekin osatuko dugu gehien bat (tarteka saio bereziak ere izango ditugu eta baita aurreko denboraldiko saio batzuen errepikapenak ere). Irailean indar berriturik bueltatuko gara 2008-2009ko programazioa izango dena prestatzeko asmoarekin. Molotoff Irratia irrati libre eta asanblearioa da eta beraz guztion artean eraiki beharrekoa. Irratiko ateak zabalik daude komunikazio tresna honen alde lan egin nahi duen guztiarentzat. Gonbidatuta zaudete. Iraila arte.
08-02-21
Bost urte bete dira
espainiar auzitegiek Egunkaria indarrez itxi zutela.
Molotoff Irratiko lagunak elkartasuna adierazi
diegu hasieratik Egunkariko langile eta auziperatuei.
Zorigaitzeko urtemuga honetan saio berezia osatu
du Hernani Konektion irratsaioak eta Egunkariko
Joan Mari Larrarte eta Joan Mari Torrealdai elkarrizketatuko
dituzte. Saioa otsailaren 21ean gaueko 22:00etan
eta otsailaren 22an arratsaldeko 17:00etan entzun
ahal izango da 91.8 fm-an.
|
|
|
|