Kaixo guztioi! Zer moduz? Albiste oso txarrekin gatoz oraingoan.
Ezezagunek Molotoff Irratia-Hernaniko Ahotsaren lokalean sartu (Sagastialde 16, behea) eta material asko lapurtu dute. Lapurketa ostiral goizaldean gertatu da eta, atea fortzatu ondoren, lokalean sartu eta bertan zeuden soinu aparailuak lapurtu dituzte; bafleak, nahasketa mahaiak, mikrofonoak, KD irakurgailuak, kableatua, informatika materiala eta abar, guztira 10.000€ inguruko balioa duen materiala. Salaketa egin da dagoeneko eta orain lapurtutakoaren balorazio zehatzagoa egitearekin batera aurrera begira eman beharreko pausuak erabakiko dira.
Emisioarekin aurrera
Irratiarentzat kalte ekonomikoa izugarria suposatu arren emisioekin aurrera jarraitzeko asmoa dugu eta, ziur gaude, beti bezala, herritarren laguntzarekin buelta emango diogula egoera zail honi. Irratia herritarron eskura dagoen komunikazio tresna askea da eta adierazpen askatasuna bermatzen du. 2010-2011 denboraldi berria buru belarri prestatzen ari garela gertatu da ezbeharra baina horrek ez du emisioa moztuko. Oraingoz musika programatuarekin jarraituko dugu eta, ahal bada, aurreikusia zegoen bezala, urritik aurrera programazio berria martxan jarriko dugu. Golpe gogorra izan da irratiarentzat baina ez gaitu horrek geldiaraziko.
Jai Batzordearen ekipoa ere lapurtu dute
Irratiko materialarekin batera lapurrek herriko talde askok erabiltzen zuten soinu ekipoa ere lapurtu dute. Hernaniko Jai Batzordeak 2000. urtean herriko talde desberdinek euren ekimenak aurrera ateratzeko erabili ahal izango zuten megafonia erosi zuen. Era honetan, herriko taldeen eskura kalitatezko soinu ekipoa jartzen zen merkatuan daudenak baino baldintza hobeagoetan. Erositako ekipoa irratiko lokalean gordetzea erabaki zen eta, urte guzti hauetan, Aritz Usandizaga (Aritz Sound System) izan da ekipoaren erabileraz eta mantenimenduaz arduratu dena. 2000. urtetik hona inbertsio handia egin da ekipoaren mantenimenduan eta ekipoaren baldintzak hobetze aldera material berria erosten joan da etengabe. Lapurketa honekin kalte izugarria egiten zaie soinu ekipoa erabiltzen zuten herriko taldeei.
Ekipoa erabili duten talde batzuk
Ekipoaz baliatu diren herriko talde batzuk aipatzearren; San Joan konpartsa, Ttarla dantza taldea, AEK, Euskal Herrian Euskaraz, Molotoff Irratia, Amher elkartea, Kriskitiña taldea, Dya, Andrekaleko auzo elkartea, Gazte asanblada, Etxerat, Natza taldea, Akelarrea, Elur Txori elkartea, Zikuñagako auzo elkartea, Gazte txokoa, Berriak elkartea, Sagarrondotik, Askapena, Skate taldea, Errugbi taldea, Garagardo azoka, Axeri bila, Urumea ikastola, Langile ikastola eta abar luzea. Udalak berak ere erabili izan du behin baino gehiagotan.
Lapurketa Irratiko Egoitzan
Hauxe oraingoz presazko prentsa oharra.Lapurketa honekin kalte izugarria egin zaio herriari eta datozen egunotan egoerari buelta emateko hartu asmo diren neurrien berri ematea espero dugu. Bitartean edozertarako idatzi edo deitu lasai:
molotoff@euskaltel.net
ixa74@hotmail.com
MOLOTOFF IRRATIA - PRENTSA OHARRA
JAIEN BALORAPENA ETA UDARA
Kaixo guztioi! Zer moduz?
Bi aste igaro dira dagoeneko San Joan jaiak amaitu zirenetik eta tarte honetan denbora nahikoa izan dugu jaien balorapena egiteko. Zorionez, azken urteotako joerarekin jarraituaz, aurten ere primerako giroa izan dugu txosna gunean eta Molotoff Irratiaren txosnan. Eguraldiak lagunduta jende ugari gerturatu da eta txosnetako giroarekin gozatzeko aukera izan dugu guztiok. Molotoff Irratiak antolatzen duen txosnari dagokionez, urtero bezala, apostu berezia egin dugu zerbitzu txukuna edukitzeaz gain, musika anitza, ederra eta dantzagarria eskaintzeko (baldintza tekniko duinetan eta musika zaletu amorratuak direnen eskutik). Saiatu eta baita lortu ere (gure ustez behintzat) eta horren adierazgarri da gauero irratiko txosnan izan dugu giro ederra. Pozik gaude beraz hilabeteetan egindako lanak emaitza onak eman dituelako eta jendeak irratiko txosnan dantzatu eta gozatu ahal izan duelako. Zentzu honetan, ESKERRAK EMAN NAHI DIZKIEGU IRRATIKO TXOSNARA GERTURATU DIREN EHUNKA LAGUNEI ETA BAITA TXOSNA TXUKUNA LORTZEKO LANEAN ARITU DIREN GUZTIEI ERE (txosnaren muntaketan eta prestaketan lagundu dutenei, txosnako turno amaigabeetan jendearen egarria hasetzen lanean aritu direnei eta musika aukeraketa ederra eskaini diguten musika adiktoei ere). Eskerrak guztioi beraz.
Bi aste igaro dira jaiak amaitu zirenetik eta bi aste dira irratiak programazio denboraldia amaitu zuenetik (udazkenean hasi eta herriko jaietan amaitzen da). Udara, atsedenerako garaia izan ohi da eta irratian saioa egiten dugunok ere horrela ulertzen dugu. Horregatik, udaran zehar ez dugu ohiko programaziorik izango eta udazkenean (iraila inguruan) denboraldi berriari behar bezala aurre egiteko indarrak bilduko ditugu. Tarte honetan irratiak 24 orduko emisioarekin jarraituko du eta bertan musika anitzarekin batera saio berezi batzuk izango ditugu (Arrosa sareko konexio batzuk edo Llajta Insurgente bezalakoak asteazkenero). Adi beraz fm-aren 91.8ari (www.molotoffirratia.com)
Jaso ezazue irratiko lagunen partetik besarkada handia.
ONDO IZAN
Saio guztiak 23:00etan hasiko dira.
MOLOTOFF IRRATIKO TXOSNAN DANTZALDIA
SAN JOAN JAIAK 2010 >>> EGITARAUA
Ekainak 23, asteazkena
Mikel Sound Selektah jamaikar eta hip-hop doinuak. Irratiko kide gazte honek gustukoak dituen reggae eta rap doinuen aukeraketa eskainiko digu.
Selektah Steppi + mc lagunak. Irungo Bad Sound Systemeko Iņaki eta berarekin batera etorriko diren abeslari lagunak jamaikar doinu dantzagarriak eskainiko dizkigute sound system formatuan.
Gauari amaiera emateko berriz Daddy Jeff egongo da; Selektah Kolektiboko abeslaria, ekoizlea eta disko jartzailea. Euskal raparen ezinbesteko erreferentea.
Ekainak 24, osteguna
PUNK GAUA
Dj Iņigito
Manel Eztabai
Ekainak 25, ostirala
REVOLUTIONARY BROTHERS sound systema (www.myspace.com/revolutionarybrothers)
VIDO JELASHE abeslariarekin batera. (www.myspace.com/vidojelashe)
Donostiko iraultza anaiek jarritako baseen gainean jatorriz Hego Afrikarra baina Berlinen bizi den Vido Jelashe abeslariak abestuko du.
Ekainak 26, larunbata
BINILOZKO XIRINGAK GAUA.
DJ PREST (Andoain. Break, drum & jungle)
BLUE EYE (Donstia, breaks, hop & house)
MR. SNOIZ (Lasarte. Erritmoaren txapelduna)
RIKIKUZU eta MOMOTOMBO. (Hernani. Breaksfunkhouse)
Ekainak 27, igandea
DZ (Lasarte. Rap eta funk doinuak)
DJ TALO (Hernani. Etno-tekno)
2009-11-18
Datorren astean Hernanin azpiegituren inguruan egin behar den galdeketa dela eta saio berezia prestatu dugu Molotoff Irratian (91.8fm). Saioan galdeketari buruzko informazioa eman eta bozkatu daitezken hiru proposamenen nondik norakoak azalduko dira; eta horretarako, udaleko parte hartze zinegotzia den Juan Inazio Arrieta eta proposamen bakoitzeko pertsona bana izango dugu irratian. Saioa bihar osteguna, hilak 19, arratsaldeko 18:00etan zuzenean egingo dugu eta nahi duenak parte hartu ahal izango du (irratira bertara joanda -sagastialde16, behea- edo telefonoz 943 556346 zenbakira deituta). Saioaren errepikapena ostegunean 23:00etan, ostiralean 10:00etan eta 13:00etan eta larunbatean eta igandean goizeko 09:00etan emitituko da.
2009-11-15
Urrian hasiera eman genion programazio berriari eta aste batzuetan frogetan aritu eta gero, igandean aurkeztu genuen publikoki programazio berria. Tilosetan egin genuen ekitaldia eta nola ez, Jon Ijurkok egin zituen aurkezle/MC lanak. Lehen zatian, irratiko hainbat saiok zuzenean aurkeztu zuten saioa jende aurrean eta ondoren Plan B taldeak kontzertu ederra eskaini zuen. Hegaodeko haizeak lagunduta primerako giroan ospatu genuen programazio berriaren iragarpena, pintxo batzuekin lagunduta eta humore onean.

2009-06-11
Konturatzerako, 2008-2009 denboraldiari agur esateko unea iritsi da. Urrian eman genion hasiera programazio berriari eta hilabete hauetan lagun berriak gerturatu zaizkigu irratira. Saio berriak gehitu dira programaziora eta ohiko arazo teknikoak gaindituta J, hogeitalau orduko emisioa izan dugu entzun gai.
Txosna
Herriko jaiak gainean ditugu dagoeneko eta, beti bezala, Molotoff Irratiak txosna jarriko du. Urteak dira irratiko txosna gune garrantzitsua dela herriko jaietan (beste herrietako txosna askorentzat ere erreferente bilakatu da) eta, aurten ere, horrela izan dadin lanean ari gara aspaldi. Ahalik eta zerbitzu txukunena eskaintzeaz gain, musika egitarau aberatsa eta dantzagarria osatzen saiatu gara, soinu aniztasunari eta kalitateari arreta berezia eskainiaz. Eskutitzarekin batera, egitarauaren aurrerapena jasoko duzu, ekainaren 23tik 27ra irratiko txosnan ikusi eta entzuteko aukera izango denaren berri izan dezazun. Era berean, gutxienez pote bat hartzera gonbidatu nahi zaitugu (gainontzekoak zuen kontura J). Eskutitzarekin batera doan txartela txosnan aurkeztea besterik ez duzu. Zure posta elektronikoa oraindik ez badugu, txartelean zure datuekin batera jartzea eskertuko genizuke, era honetan, irratiko informazioa emailez jaso dezazun (paperean baino maiztasun handiagorekin). Zure posta elektroniko helbidea gurera ere bidali dezakezu.
Udara
Ohi dugunez, udan geldiunea egingo dugu programazioan. Tarteka egiten ditugun saio bereziak kenduta ez da ohiko programaziorik egongo eta emisioa musikarekin osatuko dugu. Irailean berriro elkartzen hasiko gara 2009-2010 denboraldiko programazio berria prestatzeko asmoz.
Hauxe guztia oraingoz, jai ederrak igaro itzazue eta nahi duzuenerako badakizue non gauden.
08-11-05
Aurkezpen ekitaldia eta mariskada
Programazio berriaren aurkezpen ekitalditxoa igandean,
azaroaren 09an, Tilosetan egingo dugu. Ekitaldia arratsaldeko 17:00etan
hasiko dugu eta bertan irratiko hainbat saiok zuzeneko aurkezpena
egingo dute eta ondoren musikarekin lagunduta merendola egingo dugu.
Gonbidatuta zaudete.
Era berean, gogoratu abenduaren 31ean, Mariskada zozketa
egingo dugula Gudarien enparantzan. Egun osoan zehar egongo gara txartelak
saltzen eta iluntzeko zortziak aldera egingo dugu zozketa.
08-07-01
Udara iritsi da eta urtero bezala, atseden hartzearekin batera, amaitu berri den denboraldiko balorazioa egiteko eta irratiaren alde lan egin duten lagunei eskerrak emateko unea iritsi da.
MOLOTOFF IRRATIKO PRENTSA
OHARRA Ekainaren 16ean (San Joan jaiak aurreko astean ohi dugunez) amaiera eman genion 2007-2008 denboraldiko programazioari. Azken urteetako joerari jarraiki hogei bat saioz osatutako zueneko programazioa eduki dugu gai desberdinak jorratu dituztenak (musikari buruzkoak nagusi izan dira baina herriko aktualitatea, umorea, gai sozialak, mendia eta bestelako gaiak landu dituzten saioak ere izan ditugu). Hauetaz gain, saio bereziekin batera, Arrosa sarea osatzen dugun irrati desberdinetako saioak ere entzuteko aukera izan dugu denboraldian zehar (Gasteizko Hala Bedi, Iruņeako Eguzki edo Oiartzungo irratietako saioak, besteak beste). Azkenik, egun osoko programazioa osatzeko estilo anitzeko musika izan dugu entzungai etengabe.
SAN JOAN JAIAK Ohi dugunez, herriko jaietan irratiak txosna jartzen du eta aurten ere, San Joan jaiak iraun duten egunetan irratiko txosna bertan izan da musika eskaintza bereziarekin. Hogeitik gora musika zaletuk arduratu dira musika eskaintzaz eta guztion artean musika egitarau aberatsa eta dantzagarria eskaini digute. Urtero bezala jende askok bisitatu gaitu eta giro ederra sortu da txosna gunean.
Molotoff Irratiko lagunok eskerrak eman nahi dizkiegu San Joan jaietan txosnara gerturatu diren guztioi eta bereziki, txosna ahalik eta txukunena izan zedin, musu truk lanean aritu diren lagun guztiei. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiegu denboraldian zehar irratira gerturatu eta irratiaren alde lan egin duten guztioi. Mila esker.
PROGRAMAZIO BERRIA Abuztuan ez dugu zuzeneko saiorik izango. Irratian konponketa batzuk egin nahi ditugu eta irratiko programazioa musikarekin osatuko dugu gehien bat (tarteka saio bereziak ere izango ditugu eta baita aurreko denboraldiko saio batzuen errepikapenak ere). Irailean indar berriturik bueltatuko gara 2008-2009ko programazioa izango dena prestatzeko asmoarekin. Molotoff Irratia irrati libre eta asanblearioa da eta beraz guztion artean eraiki beharrekoa. Irratiko ateak zabalik daude komunikazio tresna honen alde lan egin nahi duen guztiarentzat. Gonbidatuta zaudete. Iraila arte.
08-02-21
Bost urte bete dira
espainiar auzitegiek Egunkaria indarrez itxi zutela.
Molotoff Irratiko lagunak elkartasuna adierazi
diegu hasieratik Egunkariko langile eta auziperatuei.
Zorigaitzeko urtemuga honetan saio berezia osatu
du Hernani Konektion irratsaioak eta Egunkariko
Joan Mari Larrarte eta Joan Mari Torrealdai elkarrizketatuko
dituzte. Saioa otsailaren 21ean gaueko 22:00etan
eta otsailaren 22an arratsaldeko 17:00etan entzun
ahal izango da 91.8 fm-an.
|